UNITATE DIDAKTIKOA: ESKOLARA BIZIKLETAZ
- SARRERA
- Justifikazioa
Unitate Didaktiko hau bizikletaren erabileraren sustapenari egongo da zuzendua. Horretarako, arazoaren azterketa egingo da lehendabizi, ondoren horri aurre egiteko zer konpetentzia, eduki eta helburu landuko diren azalduko da. Jarraitzeko arestian aipatutako gaiak lantzeko hainbat jarduera proposatuko dira eta azkenik honen ebaluazioarekin itxiko da Unitate Didaktikoa.
- Kokapena
Ibaizabal eskolako seigarren mailako ikasleak bizikletaz doaz eskolara egunero, izan ere, eskola hirigunetik sei kilometroko distantziara dago.
Eskola publikoa da eta duela 12 urte ireki zuten metodologia berritzaileak martxan jartzeko asmoz. 2 - 12 urte bitarteko ikasleak daude ikastetxean eta hauen elkarbizitza eta harremana sustatzeko, maila ezberdinetako ikasle taldeak sortzen dira ekintza ezberdinak burutzeko. Ikasleek klasean mota askotako jarduerak egiten dituzte, non eurek diren jardueren gidariak. Horregatik haien gurasoek autonomia ematen diete egunero ikaskideekin klasera joateko eta hori egiterakoan hurrengo arazoarekin aurkitu dira.
- Testuingurua
Duela urte batzuk, ikasleen gurasoek martxan jarri zuten proiektu bat. Proiektu honen bidez bizikleten erabilpena nahiko areagotu zen eta ikasleak bizikletaz eskolara joatea lortu zen. 6.mailako ikasle hauek oso kirolariak dira eta gehienek bizimodu aktibo bat dute, hala ere, klase orduetan autonomiaz lan egiteko arazoak izaten dituzte eta arazo bat izatekotan segituan jotzen dute irakaslearen edo gurasoengana.
Ikastetxera bizikletaz igotzen dira ikasle gehienak egunero, baina, hainbat arazo daude eskolarako bidea ez baita guztiz egokia eta segurua adingabeko ikasleentzat. Hasteko, ez dago bidegorria eskolara iristeko bide guztietan eta ikasleak errepidetik joan behar dira. Horren arriskua dela eta, beharrezkoa ikusten dugu bidegorri gehiago jartzea eskolarako bidea segurua izan dadin. Bestetik, bidegorriko tarte guztiak ez daude egoera onean eta hauek konpondu beharko liratekeela uste dugu.
- Arazoa
Segurua al da bizikletaz etortzea eskolara?
Galdera honen bitartez gure ikasleei erronka bat planteatzea bilatzen dugu arazoari aurre egiteko grina pizteko asmoz. Bidegorrien egoera ikusita, ikasleek horren kontzientzia hartzea eta hainbat jardueren bitartez arazoaren zein konponbidearen parte sentiaraztea nahi dugu.
- Xedea
Egunero, Gasteizen, milaka pertsonek hartzen dute bizikleta eta mugitzeko baliabide horren erabilera aberatsarengatik dago nahiko prestatuta hiria. Hala ere, hainbat arazo daude eta gure ikasleak adingabeak izanik egoera arriskutsuak igarotzen dituzte egunero eskolarako bidean.
Gure hirian bizikleta erabiltzea oso ohikoa da, baina ez ditugu behar beste erraztasun honekin ibiltzeko, adibidez bidegorrien falta hainbat tokietan (gure ikastolan, hiri zentroan…), multak toki batzuetan bizikletaz ibiltzeagatik, eta segurtasun eza errepideetan. Gauza hauek guztiak hobetzeko asmoz egiten dugu jarduera hau, baina batez ere daukagun helburua da bidegorrien kopurua areagotzea hainbat tokietara iristeko.
Helburu hau lortzen bada, beste hainbat eragin ekarriko ditu, argiena da gure hirian bizikleta erabiltzen duten pertsonen kopurua handitzea, beraz jendeak kotxea gutxiago erabiliko zuen eta kutsadura jaitsiko zen. Horrez gain, pertsona hauen bizi kalitatea hobetu eta ibilgailu ekologiko eta osasuntsu bat sustatuko zen.
Beraz, ikasleei begiratuta, Unitate Didaktiko honekin haien egunerokotasunean suertatzen diren arazoetaz ohartzea eta haiei aurre egiten ikastea lortu nahi dugu.
- Ataza
Askotan uste da arazo horiek bakarrik helduen esku daudela, horregatik unitate didaktiko honekin umeen parte hartzea sustatu nahi dugu; haiek ibilbide arriskutsuetaz ohartu, udaletxeari eskutitz bat era egokian idatziz eta eskolako beste ikasleei bizikletaren garrantziaz ohartaraziz.
Horretarako, Unitate Didaktiko honetan, ikasleak izango dira ardatza eta planteatutako ildoa jarraituz haiek izango dira ekintzak aurrera eramango dituztenak. Honen bidez, helburu nagusia ikasleen autonomia sustatzea izango da eta horretarako aurrerago azalduko ditugun jardueretan oinarrituko gara.
Unitate Didaktikoan planteatutako jarduera guztiekin, Curriculum dekretuan ageri diren hainbat konpetentzia landuko ditugu, bai zeharkakoak zein diziplina konpetentziak.
Zeharkako konpetentziei dagokienez, jarduera guztien artean hauetako hainbat landuko ditugu. Gure Unitate Didaktikoak, hainbat jarduera biltzen dituen heinean, zehar konpetentzia hauek garatzea ahalbidetzen du. Hona hemen zehatzago azalduta zer jarduerak lantzen duen konpetentzia bakoitza.
Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia, ikasteko eta lan egiteko ohiturak, ikasteko estrategiak eta pentsamendu zorrotza izatea da, ikasitakoa erabili eta beste testuinguru eta egoera batzuetara transferitzea, norberaren ikaskuntza autonomiaz antolatzeko. Konpetentzia hau lantzeko, lehenengo jarduera aurkeztu dugu, hau da, bizikletaren erabileraren inguruko inkestarekin, ikasleen pentsatzeko ahalmena sustatu nahi dugu.
Elkarbizitzarako konpetentzia pertsonen arteko, taldeko eta komunitateko egoeretan elkarrekikotasun-irizpideekin parte hartzea da, gainerako pertsonei aitortuz nork bere buruari aitortzen dizkion eskubideak eta betebeharrak, eta horrela, ekarpen bat egitea norberaren eta guztion onari. Bizikletaren erabilpena eta bideen egoera eskolatik landuko badugu ere, elkarbizitzarako konpetentzia landuko dugu hiritar guztien arazo bat bezala planteatuko dugulako, alegia, komunitate baten parte dira ikasleak eta honetan elkarbizitza beharrezkoa dela ikus dezaten landuko dugu.
Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia ekimenez jardutea eta prozesu ekintzailea ausart eta eraginkor kudeatzea da egoera eta testuinguru pertsonal, sozial, akademiko eta lanekoetan, ideiak ekintza bihur daitezen. Konpetentzia hau antzezlanaren bidez landuko dugu, izan ere, ikasleak gidoia sortu beharko dute eta hori aurrera eraman. Horren bidez, haien ideiak ekintza bihurtuko dira konpetentzia hau barneratuz.
Diziplina konpetentziei dagokienez, jarduera bakoitzarekin hauetako bat landuko dugu. Horrela saio bakoitzean ikasleek konpetentzia ezberdin bat landuko eta barneratuko dute.
Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia, nork bere burua, norberaren taldea eta bizi duen mundua ezagutu eta ulertzea da, gizarte zientzien jakintzak eskuratuz, kritikoki interpretatuz eta erabiliz; zientzia horien berezko prozedurak eta metodologiak erabiltzea, autonomiaz eta herritarrei dagokien arduraz jarduteko bizitzaren ohiko egoeretan, gizarte guztiz demokratikoa, solidarioa, inklusiboa eta plurala lortzeko bidea urratzearren. Unitate Didaktikoa eskolarako jarduerak aurkezten baditu ere, bizikletaren sustapena eta bidegorrien hobetzea, herritar guztien ardura da eta ikasleak gizartearen parte sentitzea da helburu horrela Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia landuz.
Hizkuntza eta literatura komunikaziorako konpetentzia, hitzezko eta idatzizko testuak erabiltzea da, euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan, bizitzako egoera guztietan egoki, eraginkortasunez eta hizkuntza aniztasuna errespetatuz komunikatzeko. Horrekin batera, heziketa literarioa lantzean datza, nork bere burua eta ingurunea hobeto ezagutzen laguntzeko. Unitate Didaktikoan landuko den eskutitzaren tailerraren bidez, ikasleen idazketa adierazpena landuko da eta idatzizko komunikazioaren konpetentzia jorratu ahal izango dute jarduera horrekin.
Teknologiarako konpetentzia produktu eta sistema teknologikoak zentzuz erabiltzea eta garatzea da, jakintza teknikoak eta gainerako adarretako jakintzak era metodiko eta eraginkorrean aplikatuta, interesa duten egoerak ulertzeko eta konpontzeko edota produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko, eta lortutako emaitzen berri ematea, hobekuntza-prozesuekin eta erabakiak modu arduratsuan hartzeko prozesuekin jarraitzeko. Konpetentzia hau lantzeko ikasleek bloga erabiltzen ikasiko dute eta horretan ateratako ideia eta argazkiak partekatu ahal izango dituzte.
Arterako konpetentzia Hainbat kultura- eta arte-adierazpen ulertzea eta modu kritikoan balioestea, denbora- eta erabilera-testuingurutan, faktore estetikoek pertsonen eta gizarteen bizitzan duten garrantziaz jabetzeko. Era berean, arte-hizkuntzak ezagutzea, eta haien kodeak erabiltzea arte-mezuak ekoitzi eta nork bere burua ekimenez, irudimenez eta sormenez adierazi eta komunikatzeko. Antzerkiaren prestaketa eta antzezpenaren bidez, ikasleek sormena landuko dute eta arterako konpetentzia lantzerakoan, jarduera hau baloratzen ikasiko dute.
Konpetentzia motorra Autonomiaz, izaera kritikoz, sormenez eta adierazkortasunez lantzea norberaren, gainerako pertsonen eta ingurune fisiko eta kulturalaren jardun-eremu motorreko egoerak, eta jokabide motorra lantzen laguntzen duten jakintzak, prozedurak eta jarrerak barneratzea, jarduera fisikoa eta kirola egiteko ohiturak hartu eta, bizimodu osasungarri batean oinarrituta, ongizate osoa lortzen laguntzeko. Konpetentzia hau lantzeko, Bizikletaren Egunean egingo den Udaletxera martxa antolatuko da.
Egingo ditugun ekintzek lortu nahi dugun helburu nagusiak gure eskolako curriculumarekin bat egiten dute, ikasleek sustaingarritasunaren nozioa izatea eta osasuna hobetzeko metodoak ikastea. Hau lortzeko hainbat ekintza egin behar izango ditugu, bizikletaz ibiltzea bi gauza hauek bateratzen dituelako, alde batetik garraio mota bat da zein ez du batere kutsadurarik sortzen, eta bestetik esfortzu fisikoa eskatzen duen gauza bat da, beraz kirola egiteko ere izan daiteke. Ekintza guztiak modu egoki batean egitea beharrezkoa da helburu hau modu zuzen eta baliagarri batean betetzea nahi badugu.
5.1. Helburu orokorrak
- Norberaren nortasuna, ezaugarriak eta esperientziak ezagutu eta finkatzea bere pribatutasun-espazioan, besteen nortasuna errespetatzea eta autoestimua garatzea, nork bere bizitza eta talde-bizitza baikortasunez bizitzeko.
- Autonomiaz eta arduraz jokatzea eguneroko bizitzan, talde-harremanetan, ikasgelan, ikastetxean eta ingurune hurbilean, eta komunikazio- eta gizarte-trebetasunak erabiltzea gizartean erlazionatzeko, haren parte izanik.
- Bizikidetza-arauak proposatu, egin eta errespetatzea, eta elkarrizketa eta bitartekotza erabiltzea gatazkak eraldatzeko, guztien artean ingurune atsegin iraunkor bat sortzeko.
- Nork bere nortasuna eratzea, eta norberaren ahalegina eta hobetzeko nahia sustatzen duten estrategiak bultzatzea, gizaki autonomo eta sozial moduan garatzeko, gainerakoekin elkarrekintzan, sormena, ekintzaile-sena eta lankidetza sustatuz.
- Jarduera fisiko eta kirol-jarduera osasungarria zehazten duten alderdi guztiak identifikatzea eta aztertzea, modu kontzientean balioesteko ongizatea lortzeko dakartzan onurak, alderdi guztietan, eta gizarteak osasunari, jarduera fisikoari, kirol jarduerari, gorputzaren tratamenduari eta gorputz-irudiari buruz duen ikuspegia jarrera kritikoz aztertzea.
- Sormen-lan eta -proiektuak lantzean zenbait emaitza lortzeko beharrezkoak diren prozedurak planifikatzea, ebaluatzea eta egokitzea, eta horrek guztiak dakartzan erronkez jabetzea
5.2. Helburu didaktikoak
- Ikasleek gauza berriak ikasteko grina garatzea.
- Ekintzak pentsatzerakoan sormena lantzea eta hauek gauzatzerakoan gogotsu parte hartzea.
- Ikasleek elkarrekintzan jardutea eta hainbat balore barneratzea, hala nola, errespetua, elkarekintza, lanaren garrantzia, esfortzua…
- Ikasleek gizartea eraldatzeko aukera dutela ikustea.
- Haien igurunean dituzten arazoen aurrean eraldatzeko jokaera garatzea.
- Ikasleek baliabide berriak euren esku dituztela ikustea eta hauen erabileran trebatzea.
Hau ez da lortu nahi dugun helburu bakarra, izan ere helburu didaktiko batzuk ere betetzea espero dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigun beste gauza bat, eta horregatik ere helburutzat hartzen duguna, haurrek bizikleten erabilpena areagotzea izango litzateke, azkenengo urteetan ikusten ari garelako bizikletaren erabilpena asko jaisten ari dela iruditzen zaigu egokia hau helburu bezala jartzea. Helburu hau baita ere hainbat azpi jardueretaz osatuta dago, hauek baliagarriak izango dira ikasleak bizikletaz ibiltzearen abantailak zeintzuk diren ezagutzeko, gure hiritik nola mugitu gaitezken bizikletaz ikasteko, arauak barneratzeko eta segurtasun neurriak jakiteko.
Beraz jarduera hauek guztiek ez dute helburu orokor bat, nahiz eta bat bestea baino nagusiago izan bi gauza hauek lortzeko egiten ditugu hauek. Oso ideia interesgarria iruditzen zaigu eta, uste dugu, ikasleak ondo pasatzen badute eta gainera gauza berriak ikasten badute honekin helburu hauek lortzea ez dela oso zaila izango.
Edukiak ikasleen garapen soziala eta pertsonala sustatzeko informazio baliogarria dira, hau da, jaso behar den jakintza. Hiru jakintza esparru bereizi ditzakegu: jakitea, egiten jakitea eta izaten jakitea. Beste modu batera esanda hiru ezagutza esparru bereizten dira: prozedurazkoa, jarrerazkoa eta kontzeptualak. Ikasleek bizikletaren erabileraren lanketa egiterakoan, hainbat eduki landuko dituzte.
6.1. Prozedurazkoekin hasteko (egiten jakitea), hauek izango dira landuko direnak:
- Bidegorri arriskutsuen behaketa.
- Blogaren planifikazioa.
- Idatziko duten gutunaren eta antzerki gidoiaren planifikazioa.
- Beste ikasleen hausnarketen eta iritzien azterketa.
6.2. Kontzeptuzkoei dagokienez (jakitea), eduki hauek landuko dira:
- Bizikletaren atalak: gurpilak, erradioak, balazta, eskulekua…
- Antzerkiarekin loturiko lexikoa: atrezzoa, eszenatokia, gidoia…
- Gutuna idazteko prozedura.
6.3. Jarrerazko (izaten jakitea) edukiak hauek izango dira:
- Norberaren herriko espazioen ezagutzeko interesa.
- Ikaskideen ideiekiko errespetua.
- Hezkuntza komunitatearen ideiekiko errespetua.
- Norberaren gaitasunekiko konfiantza.
- Estrategia metodologikoa
Gure Unitate Didaktikoa konstruktibista den ikuspegi batetik sortu dugu, non ikaslea jardueren ardatza eta protagonista den. Ikasleek edukiak eta baloreak ikastea lortzen dute eraikuntza pertsonaleko prozesu baten bidez eta prozesu horiez da hasten zerotik, baizik eta ikasleek dituzten aurrezagutzetatik. Aurrezagutza horiek izango dira abiapuntua, inkesta betetzerakoan eta gaiari buruz eztabaidatzerakoan konturatuko dira noraino ailegatzen den haien ezagutza. Hau lortutakoan, gaian sakonduko dugu ikasleak gizartearen parte sentiarazteko eta daukaten potentziala sustatzeko.
- Espazioaren antolaketa
Unitate Didaktiko honetako jarduera guztiak eskola barruan egingo dira. Honen barruan, informatika gela, ikasleen ohiko gela eta jolastokia erabiliko dira (eguraldi txarra egitekotan jolastokiko jarduerak frontoian egingo genituzke).
Lehenengo jarduera, ikasleen ohiko gelan egingo da, bertan binaka eserita daude eta bete beharko duten inkesta indibiduala izango da. Ondoren, mahaiak kenduko ditugu eta aulkiekin borobil bat osatuko da tertuliaren espazioa egokiagoa izan dadin eta ikasle guztien parte hartzea lortzeko.
Bigarren fasean sartuta, bigarren jarduera informatika gelan egingo da, ordenagailuak erabili behar dituztelako bloga sortzeko.
Laugarren jardueran antzezlana prestatu behar dute eta horretarako lehenengo saioan antzerki horren gidoia osatuko dute ohiko gelan. Antzezlanaren gidoia talde handian egingo denez gelako zorua izango da erabiliko den espazioa, bertan borobil bat osatuz eta guztien parte hartzea sustatuz. Lurrean eserita egotea ikasleak ohiko ikaskuntza egoeratik aldentzen ditu esparru berri bat eskainiz. Hurrengo saioa antzerkiaren entsegua izango da eta eskolako areto nagusia erabiliko da. Ikasleek ezagutu behar dute zein den antzezteko lekua eta zer espazio erabili dezaketen haien irudimena garatzeko.
Bostgarren jarduera (eskutitzaren tailerra) ohiko gelan egingo da eta ikasleek talde txikitan egingo dute lan. Ikasle bakoitzaren ideiak helarazi nahi dira eta horregatik lehenik eta behin talde txikitan biltzen saiatuko dira. Geroago, aulkiekin osatutako borobilera itzuliko dira ideia guztiak komunean jartzeko eta eskutitza guztien artean osatu ahal izateko.
Laugarren eta azken fasean eskolako hainbat esparru erabiliko dira. Antzezlanak aurkezteko eta txirrindulari baten hitzaldirako areto nagusia erabiliko da, bizikleten mantendimendurako tailerra eskolako jolastokian egingo da eta bizikleten martxa jolastokian hasi eta hirian zehar izango da.
Hasierako jarduerak ikastetxe barruan planteatu ditugu ikasleek ezagutzen duten eremua delako. Baina amaitzeko ekintza berezi bezala udaletxera ibilbidea antolatu dugunez eskolatik kanpo egingo da.
- Denboraren antolaketa
Proposatutako jarduerak ikasturteko lehenengo hiruhilabetean egingo dira, unitate didaktikoarekin lortu nahi duguna kurtsoan zehar bete dadin. Fase bakoitzari hilabete bat eskainiko zaio eta jarduera horiek tutoretza orduetan egingo dira. Jardueraren batek denbora gehiago behar izanez gero hilabete bakoitzean geratzen diren tutoretza orduak erabiltzeko aukera dago. Dena den, gure unitate didaktikoaren ordutegia malgua izango da, ikasleen beharretara egokitzeko.
- Baliabideak
Unitate Didaktiko hau aurrera eramateko, baliabide ugari behar izango ditugu eta hiru multzotan banatu ditugu.
Lehendabizi, giza baliabideak beharko ditugu, hau da ikasle eta irakasleen laguntza eta elkarlanaz gain, kanpoko txirrindulari ospetsu baten bisita ere jasoko dute ikasleek.
Bestetik, baliabide materialak ere beharrezkoak izango dira. Hainbat jarduera burutzeko fitxa, txosten eta txantiloi ezberdinak erabiliko dira. Horrekin batera meterial plastikoak ere izango dira: papera, margoak, kartoia etab. (batez ere antzerkia egiterako orduan). Material digitala ere beharrezkoa izango da Blog-a sortzerako orduan.
Azkenik, espazioko baliabideak ere erabiliko dira Unitate Didaktikoa aurrera eramateko. Ikastetxeko gelak erabiliko dira batik bat, baina informatika gela ere erabilko da. Horretaz gain, jolastokia zein areto nagusia erabiliko dira azken eguneko jardueretarako.
- Aniztasunari arreta
Aniztasuna gela guztietan ohiko gaia da gaur egun eta horregatik, tarte bat eskaini nahi diogu Unitate Didaktiko honetan.
Alde batetik, aipatu beharra dago kultuartekotasuna oso presente dagoela gelan. Hainbat kulturetako ikasleak daude eta interesgarria izango litzateke herrialde ezberdinetan bizikletaren ohiturak aztertzea.
Bestetik, gelan behar berezkirik behar duen ikaslerik ez badago ere, ikastetxean kasu ugari daude eta hauek Unitate Didaktukoaren barruan sartu nahi izan ditugu. Horregatik, Euskal Herriko Down sindrome fundazioak Bizipoza elkartearekin batera eginiko bideo bat erabiliko dugu bizikletaz ibiltzea denon aukera dela erakusteko.
(http://www.bizipoza.eus/munduak-guztiontzat-beharko-luke/down/?t=bideoa#content webgunetik berreskuratutako bideoa )
- Hasierako Fasea
Gure Unitate Didaktikoko jarduerei hasiera emateko gaiari sarrera ematen dion jarduera bat proposatzen dugu. Bizikleten gaia aurkeztuko da eta ikasleek inkesta labur bat beteko dute klasean bertan (1.eranskina), non haien esperientzia bizikletekin azalduko duten (norekin ibiltzen diren, nondik doazen, noiz erabiltzen duten eta zertarako…). Inkesta betetakoan eta ikasleen hausnarketa bultzatutakoan, gelan bertan tertulia bat sortuko da eta ikasleek haien esperientzia pertsonala, bizikletaren erabilera eta onurak adieraziko dituzte.
Lehenengo jarduera hau saio batean egingo da eta beraz, ordu bateko iraupena izango du eta parte hartzaileak irakaslea eta ikasleak izango dira, beti ere, ikaslea ardatza izanik eta irakasleari gidari papera esleituz.
- Garapenaren Fasea
Bigarren hau saio batean eta asteburuan egiteko etxeko lan batean banatu dugu. Lehenengo jarduerarako materiala eskuratzeko, Unitate Didaktikoa eskola kanpoko eremu batera eramango dugu, ikasleek haien kabuz asteburuan zehar hirian zehar aurkitzen dituzten bidegorri zein bide arriskutsuei argazkiak aterako dizkiete, hurrengo astean klasera eramateko.
Ondorengo saio batean, informatika gelara joango gara bertan ikasle bakoitzak blog bat sortu dezan. Horretarako, ikasleek hau nola sortzeko eta erabiltzeko tailerra izango dute, autonomiaz bakoitzak berea kudeatzeko. Ikasle bakoitzak egindako argazkiak bere blogera igoko ditu eta argazkitik gertu bizikleta hirian zehar erabiltzeko bi arrazoi iruzkinduko dituzte.
Bigarren saio honek ordu bateko iraupena izango du eta parte hartzaileak irakaslea eta ikasleak izango dira, beti ere, ikaslea ardatza izanik eta irakasleari gidari papera esleituz, lehenengo jardueran bezala.
- Aplikazio eta Komunikazioaren Fasea
Hirugarren fase honi hasiera emateko antzerki proiektu txiki bat proposatu dugu. Ikasleak bi taldeetan banatuko dira eta talde bakoitzak bere antzezlana prestatu beharko du. Antzezlana bizkletaren bideen arriskuen ingurukoa izan beharko da.
Horretarako, lehenengo saio bat eskainiko diogu gidoia sortu eta lantzeari. Hau egiteko klasean tailer bat landuko dute antzerki baten gidoia nola egiten den jakiteko. Honetan gidoiaren helburuak, egitura, idazteko teknikak landuko dira. Horretarako hainbat eredu ikusteaz gain, txantiloi bat eskainiko zaie egitura egokia jarrai dezaten (2.eranskina). Ikasleek sortutako istorioa izan behar da eta antzezleek paperen banaketa egin beharko dute. Saioa ordu betekoa izango da eta irakasleak laguntza emango die behar izatekotan.
Antzezlana entsaiatzeko beste saio bat eskainiko diogu eta honetan gidoia ikasi eta praktikan jarri beharko dute pentsatutakoa. Saio honi ordu eta erdi eskainiko diogu eta aukera izango dute jolas orduetan gelan entsaiatzeko nahi izatekotan. Ikasleak lau taldetan banatuko dira eta irakasle bat egongo da talde bakoitzeko behar dutenerako laguntza eskaintzen. Lau talde horiek antzezlanean lan egingo dute, talde bakoitzak errespresentazioaren zati bat prestatuz. Hauek, bizikleta, kotxea egiteko kartoia eta plastikoa, hau margotzeko tenperak, kartulinak, kaskoa, bide gorrirako pintura gorria… izango dute.
Bestalde hirugarren fase honetan Orokortzea eta Transferentzia fasean egingo den jardueretako bati begira, eskutitzak idazteko tailer bat egingo da. Honetan, eskutitzak egokitasunez idazten ikasteaz gain, ikastetxearen izenean udaletxeari zuzendutako eskutitz bat idatziko dute denen artean bidegorrien egoera azalduz eta hauek konpontzeko eskatuz. Eskutitza benetan baliagarria dela adierazteko beste eskutitzen ereduak ikusiko ditugu eta hauek izandako eragina. Honela ikusiko dute gizartea benetan aldatu dezaketela, eta honek gehiago motibatuko die. Eskutitza idazteko lehendabizi, hainbat eredu (3.eranskina) ikusiko dira gelan eta hauen atalak, forma etab. aztertuko dira (4.eranskina). Ondoren, eskutitzen estilo formala landuko dute ikasleek eta horren ondoren eskutitzak idazten hasiko dira, azkenik aipatutako udaletxerako eskutitza idazteko prest egon daitezen. Saioek ordu eta erdiko iraupena izango dute eta irakasleak zuzenduta egon arren ikasleak izango dira idazkiaren ardatza. Saio hauek lau egunetan banatuko dira, esan bezala ordu eta erdiko iraupena edukiz.
- Orokortzea eta Transferentzia
Laugarren fase honetarako hainbat jarduera batuko ditugu egun berean: Bizikletaren eguna. Ekintzak egun osoan zehar egingo dira eta eskolako areto nagusia eta jolastokia erabiliko dira horretarako. Hasierako ekintza aurreko fasean prestatutako antzerkiak antzeztean datza (2 taldeek antzeztuko dute).
Gainera, txirrindulari ospetsu baten bisitaz baliatuko gara. Berak bizikletaren erabilerak dakartzan arriskuetaz hitz egingo badu ere, ingurumen zein osasunerako bizkletaren erabilerak daukan garrantzia azpimarratuko du. Horrez gain, bere esperientzia kontatuko die ikasleei bizkleta erabiltzeko motibatzeko helburuarekin.
Ondoren, familiako kideekin batera bizikletaz martxa bat antolatuko da ikastetxetik udaletxera 3. fasean idatzitako eskutitza eramateko.
Bizikletaren egunean eskolako ikasle guztiek hartuko dute parte antzerkiaren ikusle bezala eta bizikletaren martxan. Jarduera hauetaz gain aukera emango zaie 6.mailako ikasleei ekintza gehigarriren bat proposatzeko.
- Ebaluazio mota
Ikasleen ebaluazioa hiru zatitan banatuko da, hasierako ebaluazio bat, ekintzan zehar egingo zaien ebaluazioa eta amaierako ebaluazioa. Hasierako ebaluazioan diagnostiko bat egingo dugu, ikasleen erantzuna eta planifikazioa hasieran aztertuz. Ondoren ebaluazio jarrai bat egingo dugu, ekintza eta jarduera guztiak gauzatzen diren bitartean, ondo edo gaizki antolatu diren, ikasleen arazoekiko jarrera, talde moduan lan egin duten, ikasle bakoitzak bere egin beharrekoak egin dituen, besteak lagundu dituen… aztertuko dugu. Amaierako ebaluazioan, ikasleen bilakaera ebaluatuko dugu, ikasle guztiek egindako lana eta ekintzen ebaluazioaren bitartez, ikasle talde osoa eta ikasleak bakarka ebaluatuz. Ebaluazio kriteriala erabiliko dugu, errubrikarekin baliatuz ikasleei jarraipen bat egiteko. Errubrikaren bidez ikasleen ebaluazio kualitatiboa egingo dugu, euren jarrera eta gaitasunak aztertuz.
- Ebaluaziorako baliabideak
Ebaluaziorako baliabide nagusia errubrika izango da. Errubrikan sailkapen bat egingo dugu, non ikasleen ebaluazioa kalifikazio baten bitartez egingo dugun. Errubrikak bost zutabe izango ditu, bat kalifikazio bakoitzeko eta horizontalean hiru, ebaluatuko ditugunak aztertzeko. Horietako bakoitza ikasle bakoitzarentzat egokituko da, non indibidualki ebaluatuko dugun ikaslea. Antzerkiaren jarduerari dagokion errubrika jarri dugu adibide gisa (5. eranskina).
- Ebaluazio irizpideak eta adierazleak
Gure ebaluazio irizpideak errubrikan oinarrituko dira, eta ikaslearen jarrera, lana eta jakintza maila ebaluatuko ditugu. Horretarako, hauetako bakoitzean hainbat azpi irizpide kontuan izango ditugu. Jarrerarekin hasiz, kontuan hartuko ditugun irizpideak hurrengoak dira, ekintzak antolatzeko orduan eta hauetan parte hartzerakoan duten iniziatibak, baita beste ikasleekiko duten errespetua eta ekintzarekiko duten errespetua. Ikasleek ekintzak proposatzen dituzten edo ez aztertuko dugu, eta ondoren ekintzetan gogotsu parte hartu duten ebaluatuko dugu. Ondoren, ikasleek ekintzak prestatzen, ideiak ematen, hobetzeko proposamenak planteatzen, ekintza guztiak kontrolatzen eta ekintzak dinamizatzen jarduten aztertuko dugu. Azkenik, ikasleek edukiak barneratu dituzten aztertuko dugu. Hau guztia kalifikatzeko errubrikan egingo dugun bezala notak bikain, oso ondo, ondo, nahiko eta gutxi izango dira, ikasleen jarrera kontuan hartuz. Kalifikazio hauek guztiak ikasleek egiten dituzten ekintzekin progresiboki joango dira aldatzen.
- ERREFERENTZIAK
- 236/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena, 29. Eta 30. Artikuluak eta bostgarren Xedapen Gehigarria.
- Antzezten! 6. jarduera https://sites.google.com/site/lh3sekuentzia/prozesua/6-jarduera webgunetik berreskuratua
- Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioa | Bizipoza (2017) http://www.bizipoza.eus/munduak-guztiontzat-beharko-luke/down/?t=bideoa#content webgunetik berreskuratua
- Gida Didaktikoa - TAULA GAINEAN https://sites.google.com/site/eszenatokitik/programazioa webgunetik berreskuratua
11.ERANSKINAK
- Eranskina: inkesta
BIZIKETAREN ERABILERA
|
|
|
|
|
2. Eranskina: Antzerki gidoiaren txantiloia
Antzerki-gidoia egiteko txantiloia
| |
Izenburua
| |
Eszena
| |
Eszenatokia
Non gertatzen da istorioa?
| |
Eszenatokiaren deskribapen laburra.
| |
Pertsonaiak
Nortzuk dira pertsonaiak?
Izenak eta, beharrezkoa bada, beraien deskrpzioa edo azalpena.
| |
Eszenografia
| |
| |
| |
| |
Testua
|
3. Eranskina: Eskutitz formalaren eredua
Beasainen, 2011ko maiatzaren 24an
Jone Arregi
Kale Nagusia, 5-3. ezk.
20000 Donostia
Eraiki enpresako zuzendari andrea:
Orain dela lau hilabete 60 m-ko pisu berria erosi nuen Donostiako Intxaurrondo auzoan. Etxeak gas naturaleko instalazioa dauka, enpresa eraikitzaileak jarria. Etxebizitza erosi nuenetik, lau hilabete hauetan, ez dut berogailurik behar izan eta ez dut erabili, ez baitu hotzik egin.
Negua iritsi denean, berogailua piztera joan naiz eta orduan konturatu naiz ez dabilela. Saio asko egin ditut, baina berogailua ez da piztu ere egiten. Jarraibideak irakurri ditut eta han jartzen dituen urratsak eman ditut. Hala ere, ez dut lortu ezta argia pizterik ere.
Nire kexa adierazi nahi dut zuen enpresak egindako instalazioagatik. Eta lehenbailehen berogailua konpontzeko edo berria jartzera etortzeko eskatzen dizuet. Dagoeneko hotz handia egiten du eta ez dakit zenbat denbora egin ahal izango dudan berogailurik gabe; beraz, erantzun azkarra behar dut.
Eskertuko nizueke hartu behar dituzuen neurriak lehenbailehen hartzea. Honekin batera eskatu nahi dizuet egindakoaren berri eman diezadazuela eta arazorik badago, jakinaraz diezadazuela.
Adeitasunez, agurtzen zaituztet.
Agurtzane Lasa Ezenarro
Oharra: nirekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia: 666666666
4. Eranskina: Eskutitzaren atalak lantzeko txantiloia
Herria eta data
Nori zuzendua
Agurra:
Lehenengo paragrafoa: hasierako egoera
…………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………...…
Bigarren paragrafoa: arazoa(k)
…………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………...…
Hirugarren paragrafoa: erreklamazioa
………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………....……
Laugarren paragrafoa: laburpena
…………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………
Agurra
Sinadura
(Oharra)
|
5. Eranskina: Antzerkiaren jardueraren errubrika
HOBETU BEHARRA
|
ONDO
|
OSO ONDO
| |
Gidoia
|
Zailtasunak erakutsi ditu gidoia egiterako orduan eta besteen lana jarraitzea zaila egin zaio.
|
Gidoia egiteko kapaza da baina koherentzia falta dauka.
|
Gidoia egiteko kapaza da eta sormen handiko ideiak proposatu ditu.
|
Materiala
|
Arazoak izan ditu meterialak atonomiaz erabiltzeko eta bere taldekideekiko dependentzia erakutsi du.
|
Apaingarriak prestatzeko gai da baina taldekideen laguntza behar izan du hauek sortzeko.
|
Apainagrriak atonomiaz prestatzeko gai izan da bere taldekideen ideiak eta irtziak kontuan hartuz.
|
Ahozko adierazpena
|
Ahozko adierazpena zailtasunez eraman du aurrera, hitz jarioa etena eta geldialdi ugarirekin.
|
Kapaza da ahozko adierazpen egokia egiteko baina erritmoa eta jarioa nahiko trabatuak ditu.
|
Arazorik gabeko ahozko adierazpena erakutsi du, testua kontrolatuz eta erritmo egokiarekin.
|
Antzezlana
|
Zaila egin zaio bere taldekideak jarraitzea eta arazoak izan ditu bere paperean sartzeko.
|
Antzezlan egokia egin du baina paperean ez da gehiegi sartu. Hala ere, bere taldekideak ondo jarraitu ditu.
|
Antzezlana egoki egin du bere taldekideak lagunduz eta paperean sartuta.
|
Parte hartzea
|
Ez du parte hartze handirik izan edo zentzurik gabeko ekarpenak egin ditu.
|
Parte hartzea egon da eta ideiak eskaini ditu baina ekarpenak oso noizbehinkakoak izan dira.
|
Parte hartze aktiboa izan du eta ganorazko ekarpenak egin dizkio taldeari.
|
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina